XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elkarri-k ez dihardu bigarren bake konferentzia prestatzen

BARTZELONA

Jonan Fernandezek ezetsi egin zuen udal hauteskundeen osterako Elkarri Euskal Herrirako bake konferentziaren bigarren saioa prestatzen ari dela.

Elkarrizketa eta akordioaren aldeko gizarte mugimendu horretako koordinatzailea kexu agertu zen, Estatu Batuetara eta Santo Domingora egindako bidaien esanahia txarto ulertu delakoan.

Ez dago aurreikuspenik bigarren bake konferentzia egiteko, ez egun zehazturik horretarako, adierazi zuen Bartzelonan.

Jonan Fernandez hiri honetan izan zen atzo Angel Colom Esquerra Republicana de Catalunyako (ERC) idazkari nagusiarekin berba egiteko.

Jonan Fernandezek azaldutakoaren arabera, une honetan helburua elkarrizketaren gainean bakea eraikitzea da, biolento eta ez-biolentoen artean hesia altxatu barik.

Irlandako ispiluan begiratuz, Elkarri-ko koordinatzaileak bere funtzioa zein den argi dezan eskatu zion Partido Popularrari, hots, argitzeko unionista-irlandarrak bezalakoa izan nani duen ala bakerako elkarrizketa bidea zabaldu zuen John Majorren modukoa.

Elkarri mugimenduko koordinatzailearen ustez, iragan martxoan Bilboko Carlton hotelean antolatutako jardunaldietara joan ez zen beste alderdiak, PSOEk alegia, duen jokabidea hauteskunde abagunearekin lotura handia dauka eta ez sakoneko jokabidearekin.

Elkarrizketa bidean oztopo ugari dagoela aitortu arren, Jonan Fernandez Elkarriko kideak konponbide horren aldeko apustua egiteko deia zabaldu zuen hala ere.

Santo Domingora egindako bidaiaz itandu ziotenean, Jonan Fernandezek azaldu zuen sei erbesteratuak egoera kafkarrean daudela, paperik gabe, eta ateratzen uzten ez dien kristalezko kutxa batean sartuta.

Edozein elkarrizketatarako ETA erakunde armatuaren hiru ordezkari Santo Domingon daudela gogorazi zuen, baina isolamendu egoeran neutralizatuta egonez gero ezin dutela funtzio hori bete.

Hortaz, Euskal Herriko egoera politikoaz baino gehiago, sei erbesteratuen egoeraz mintzatu zirela esan zuen Jonan Fernandezek.